Zuzeneko dotore eta energiaz betea, melodiak eta erritmo atenporalak elkartzen dituzten abestiak eta taldeak pop musika era zabal batean ulertzeko duen sentsibilitate berezia dira Split 77 taldearen berezitasun nabarmenenak. Bilbokoa den taldea eta inongo konplexurik gabe erakusten dituenak bere gogoak.
David Bowie, New Order, Radiohead, Depeche Mode, Joy Division, The Cure, musika elektronikoa, Kraftwerk,.. hauek eta beste hainbat talde eta artistaren izenak aipatu daitezke taldearen norabide musikala ulertzeko; orotara, 80. hamarkadan hasten den sonoridadea eta gaur egunerarte heltzen zaiguna.
2002. urtean beren estreineko diskoa plazaratzen zuten, “Antenna”. Euskal Herrian egiten zen ohiko rock musikatik urruntzen zen disko hura eta era berean aire berriak, gogoetak eta euskaraz abestuz sentsibilitate berriak azaltzen zituzten abestiak zekartzan lan hurak.
Disko honekin sorturiko ikusmirak Eskoziara eraman zuen taldea, bertan ospatzen zen “Go North” jaialdian parte hartzera; besteak beste, Placebo edota Coldplay moduko taldeekin. Honekin batera “Music Week” aldizkari ospetsuak taldearen musikan interes haundia azaldu zuen, eta beraiekin sortu zen hartu emanaren etorriaz, aldizkariarekin batera plazaratzen duten disko bilduman “Malkoa” abestia sartu zuten. Garantzi honetako proiektu batean parte hartu duen Euskal Herriko talde bakarra izan da Split 77.
2004. urtean taldeak Noizpop disketxearekin bat egiten du. Burubelarri lanean ihardun ondoren “Mentura” lan berria azalduko da argitara. Modu berezi batean burutzen den diskoa dugu berau. Tirada bakar bat, 600 alekoa, edizio mugatua, diskoaren azala Oteizaren figuratiba gogoratzen duen irudi batekin, disko bakoitza plastikozko poltsa batean, zenbaturik. Eta barruan, abestia propioak, bertsioak (Itoiz, Joy Division, Nico), musika elektronikoa, erremixak, kolaborazio bereziak,..
Disko berezi bat zeinek bai komunikabideen aldetik eta baita publiko eta zaletuen aldetik erantzun ezin hobea izan duen; besteak beste, urteko diskorik hoberenen zerrendetan goreneko lekuetan azaldu den diska izan da.