TXAKURKALEA David Civico eta recPLAY artistek hiria eta txakurren inguruan eginiko filma dokumentala da. Bilbo Zaharreko zazpi kaleetan bi urtetan zehar filmatua izan da (2004-2006) eta hiru urteko ibilbidea duen egitasmo baten zati bat baino ez da filma. Bestetik, musika beltzaren kutsu eta eragin zuzena duten Euskal Herriko hainbat musikari pelikularen jatorrizko soinu bandan parte hartu dute eta berau CD euskarrian bildu da Noizpop zigiluaren babesean. Honekin batera, Bilboko Abisal arte galerian azaroak 25ean zabalduko den erakusketa bat izango da Javier Soto eta Jaime Gartzia artisten eskutik eta egitasmoa laburbiltzen duen liburu-katalogo bat ere argitaratuko da. Hiria bezalako ingurune batean (Bilbo Zaharrean hain zuzen ere), txakur eta gizakien arteko hartu emanetan murgiltzen da “Txakurkalea”. Huscal, Lola, Tula, Pipo, Rocco, Xagu, Inda, Lucky eta Kanalla dira protagonista nagusiak dokumentala, animazioa, musikala edo fikzioaz elikatzen den pelikula honetan. Sorkuntzaren esparru ezberdinetatik datozen pertsonak biltzea izan da Txakurkalearen mamia eta helburua. Honela hainbat lagunek parte hartu dute proiektu honetan: Gotzon Uribe (musika ekoizle eta kazetaria), Garikoitz Fraga (“Belleza Infinita” argitaletxeko zuzendaria), Jaime Gartzia (“La Palanca” kolektiboa), lehen aipaturiko Javier Soto eta Kiko Miyares artista plastikoak, Epelde & Mardaras arte galeria; eta baita The Uski's, Argi, TK Project, Atom Rhumba, Pascual Molongua, Gransan, The Cherry Boppers edo Makala musikariak besteak beste. Proiektuaren ekoizpena 5X8 kolektiboak burutu du, eskuz egindako kamisetak, irudi grafikoa eta ikusentzuteko lanak egiten dituzte David Civico, Xabier Urberuaga eta Guillermo Sánchez, 5X8 kolektiboko kideak. “Txakurkalea” dute ekoizturiko lehen dokumentala. Filmaren estreinaldia 2006ko Abenduaren 5ean izango da Bilboko Kafe Antzokian non soinu banda eratu duten musikari eta talde ezberdinak parte hartuko duten.
Dokumentaleko soinu banda honako abestiek osatzen dute:
1. Intro -TK PROJECT
2. Gimme chaos – ATOM RHUMBA
3. Mannish boy – PASCUAL MOLONGUA
4. Créditos – TK PROJECT
5. Kanalla - GRANSAN
6. Sol y sombra – THE BOOGIE PUNKERS
7. I'll take care of you – BASIN’ STREET CAFE
8. Stª María II -TK PROJECT
9. Sunny day – ARGI & THE USKI’S
10. Potato jumpy – THE CHERRY BOPPERS
11. Music makes me free - MAKALA
12. Stª María I -TK PROJECT
13. Goazen Tula- ARGI & THE USKI’S
14. Zer daukat, zehazki? – JOSERRA SENPERENA
15. Funky town – ATOM RHUMBA
16. You can depend on me – BASIN’ STREET CAFE